Maiatzaren 28, 29 eta 30ean eratu berri da, Donostian, Lanbide Heziketako ikastetxeen Nazioarteko Kongresua. Bost kontinenteetako 42 herrialdetatik etorritako 700 profesionalek Lanbide Heziketaren egoera zertan den aztertu dute eta etorkizunaz eztabaidatu.
Industria da Barne Produktu Gordinaren %24a Euskal Autonomiaren Erkidegoan (Europar Batasunean, %19), eta euskal industriak lehiakor jarraituko badu, ezinbestekotzat jotzen da Lanbide Heziketa indartu beharra, eta eskolaren eta enpresaren arteko zubigintza sustatu beharra.
Hala ere, beste zenbaiten artean, euskal Lanbide Heziketaren arazoetako bat da emakumeek, industria arloan, heziketa mota honi egiten dioten muzina. Egia da Lanbide Heziketa ikasten duten nesken kopurua mutilen bestekoa dela, oro har, baina egia ere bada, industria sektorera mugatuko bagara, neskak hutsaren hurrengo direla oraindik.
Adibide gisa, Petronorren datu zehatzei bagagozkie, 2008tik 2014 arteko sei ikusturteetan Muskizko findegiak 336 gazteri ordaindu die beka bana (820.520 €, bada gero dirutza!) baina guztietatik 32 baino ez dira neskak izan, urtero-urtero emakumeei dei berezia egin arren.
Euskal Lanbide Heziketaren baitan emakumeak nagusi dira zerbitzuetan, administrazioan, turismoan, hezkuntzan edo adinekoen zaintzan, baina dezente urri, aldiz, teknika, mekanika, elektronika zein kimika alorrean, nahiz gaur egungo “buzo urdindun” lan-motek indar fisikorik eskatu ez eta industria-lanpostuak ondoen ordainduak izan.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.