martes, 27 de mayo de 2014

Gasa, nazioarteko “urre” berria

Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkak iturburu asko ditu. Historiak, kulturak, hizkuntzak eta herri-nortasunak badute zer esanik. Baina baita energiak ere. Edo, hobeto esan, Errusiako gasarekiko ukrainar menpekotasunak. Energia-burujabetza gero eta estrategikoagoa da. Europa osoan. Baita Txinan ere, galdetu bestela Putini.

Orain hurrengo EVEk eta Enagasek inauguratu berri dute Bizkaia eta Kantabriaren arteko gas-hodia. Guztira 53 kilometro eskaseko lotura besterik ez, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren “gas-mahaiaren” laugarren hanka indarrean jarriko duena. Euskal panorama erabat aldatu da azken 30 urteotan.

Ahaztu egin zaigun arren, 1982an, EAEren gas-kontsumoa energia-kontsumo osoaren %1 baino ez zen. Gasa Mediterraneoan zehar Algeriatik zetorren eta Bilbo zen, nolabait esateko, “cul-de- sac” delakoa, azken matazaren atzenengo muturraren ipurzuloa alegia. Aski zitekeen Cartagenan, Bartzelonan edo Zaragozan inork giltza ixtea, gu hemen nora ezean geratzeko.

Hiru hamarkadako estrategiaren ondotik, EAEren gas-kontsumoa guztiaren %39,8 da (petrolio-eratorriena baino gehiago, %38,7), eta honezkero lau dira euskal gas-azpiegiturarik handienaren besoak: Ebro haranean zehar Mediterraneotik datorrena; Akitaniarekin zubigintza egiten duen Euskadour sarea; Trinidad-Tobagotik, Nigeriatik eta Perutik itsasontziz Zierbenaraino iristen dena (hilero hiru metanontzi); eta, Kantabrian barrena, Portugalekin lotzen gaituena. Horrez gainera, erreserba gisa, Matxitxako parean itsaspeko “Gaviota” biltegia, espainiar Estatuko gas-erreserba estrategikorik handiena.

Hau guztia ez da, ez, ustekabean egin. Herritarren %90ek ez du gas-sarbidea etxean ezustean. Herria egiteko modu asko dago. Seguru asko kalez kaleko oihuak eta aldarriak ikaragarri eraginkorrak dirateke, baina energia-sare txukunik gabeko gizarteak nekez lortuko du ezelango burujabetzarik.

Galdetu bestela estatubatuarrei. Urbitsetan daude noiz Putinek Europari gasa moztuko (edo garestituko), euren merkatu berria alternatibatzat eskaintzeko. Hidro-hausturaz (fracking) hornitzen diharduten merkatu berria, hain zuzen ere... Ulertu nahi duenak, ulertu dezala.

Europaren gas-etorkizuna erabakitzen den artean, Putinek eta Xi Jinping-ek hogeita hamar urterako ituna sinatu dute, Txinak errusiar gasa izan dezan. Estatu Batuek Europako merkatua dute amets, eta Putinek bezero berria aurkitu du, badaezpada.

blog-de-petronor-euskador
Euskador sarea

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes